Aurtengo urteak esanahi berezi eta aparteko txoko bat badu iraultzaileon memorietan: mendeurrena betetzen da Errusiar Inperio urruna epizentrotzat zuen lurrikara hura gertatu zenetik, mundu modernoaren oinarriak iraultzeko asmotan. Mendeetako zareen agindupea, bere burokrazia eta poliziarekin -itxurazko nortasun betiereko zein ahulak intimitatean dituen instituzioa-, eraitsi egin zen otsailean (martxoan egutegi gregorianoaren arabera) naipe gaztelu baten eran, masa iraultzaileen erasoei aurre egin ezinik. Lehen gerra interinperialistak, egun ere ekaitzarekin mehatxatzen duen hodei beltzak, 1905ean iraultza entseatu zuen herri bat nazkatu zuen. Erori egin zen Inperioa, eta honekin jaio Errepublika. Kapitalisten diktadurak noblezia lur-jabearena ordezkatu zuen.
Baina marxismoak zerbait irakasten badigu, demokrazia bestelako diktadura era bat besterik ez dela da bereziki. Bere aurrealde bereiziezina, hain zuzen ere. 1917ko udaberrian zein udan, betebeharra honakoa zen: kapitalisten diktadura demokratikoaren suntsipena prestatzea eta Proletarioen Diktadura egituratzea. Nola egin hau? Sovietek bazuten behar adinako potentziala. Alderdi Boltxebikeak ezinbesteko kontzientzia baliagarri zuen, baita aurrera eramateko ziurtasun osoa ere. Urteetan borroka ideologikoaren (rebisionista zahar zein berrien klase borroketatik at dauen esferaren) baitan landutako Alderdia zen; proban jarri zuen bere konpromezu internazionalista -zapalkuntza nazionalari uko eginez eta proletarioen anaitasun unibertsala irrikatuz, burgesiaren mugetatik harago-; ez zen inertzia sindikalistengatik baldintzatua izan, nola-halako eta ekonomizismoan iltzatutako abangoardia harentzat hain garestiak izan ziren inertziengatik, alegia. Sovietak espontaneoki sortuak izan baziren ere, bere baldintza espontaneo horretan iraun zuen bitartean, “burgesiari borondatez Boterea eman” (Lenin) besterik ezin izan zuten egin. Boltxebikeek bazekiten hegemonia sobieten bidez erdietsi behar zutela, beren barneetan nahitaez ildo proletarioa gailendu zedin. Zentzu honetan eskaini ziren esfortzu guztiak, bi iraultzen arteko impassean. Botereen dualtasunaren esperientzia politikoak proposamen boltxebikearen izaera justua erakutsi zuen, eta abangoardiako mugimendu iraultzaile gisan erakutsitako kemen eta ausardiak esperantza aro berri bat ireki zuen munduko zapaldu eta esplotatu guztien artean.
Urrun geratzen da Urriko Iraultza Sozialista Handiaren benetako historia rebisionistek bilakatu duten matxinada mitotik. Ez zen erabakigarria izan masen agitu espontaneoa bigarren Errusiar Iraultzan. Bai, ordea, Leninen Alderdiaren jardun subjektiboa. Han non oportunista mentxebikeak, mekanizismoz itota, beharrezko eta aurrez zehaztutako etapa historiko batzuen segida zurruna eta irreala behatu nahi zuen, boltxebikeak mundu zaharraren larreari berariaz su emateko aukerako atmosfera ikusten zuen. Gaur egun, era berean, han non rebisionistak iraultza krisi ekonomikoaren eskutik etorriko dela espero duen, komunista kontsekuenteak, era kontzientean, krisi iraultzailea eragitea du jomuga. Baina jomuga orok behar du Plan bat, eta komunismoak bere bitartekaritzen beharra du.
1917 apirilean Leninek Errusiako Alderdi Langile Sozialdemokrataren (alderdi boltxebikearen) izena aldatzearen inguruan gogoeta egin zuen, alderdiak Alderdi Komunista izena har zedin. Alderdiaren egitura zaharrak eduki historiko berrietara egokitu beharra zuen. Egun, Mugimendu Komunistak bere jardueraren edukiak tradizio iraultzaileak erreklamatzen dion mailara egokitu behar ditu. Iraultza Proletario Mundiala sustatzea, base sostengugarriak egituratzearen eskutik dator, hau da, Proletarioen Diktaduraren Estatuak egituratzearen eskutik; Estatu-Komuna hauek benetako Alderdi Komunistak gidatutako Gerra Popularren fruitu izan daitezke soilik, Sozialismo Zientifikoaren eta Langile Mugimenduaren fusioaren adierazgarri, hau da, abangoardiaren eta masen arteko loturak sortutako egiazko mugimendu iraultzailearen adierazgarri. Bat-egite hau posible izan dadin, lotura politiko estu hau birsor dadin, bi iraultza-zikloen arteko impasse honetan, gure eginahalak bildu behar ditugu marxismo-leninismoa ideologikoki birsortu bidean. Honek komunismoa ideologia aurreratu gisa hartzea dakar berekin, abangoardiaren hegemonia bere eginez; eta horretarako Urriko Zikloaren esperientzia teorikoki sintetizatu beharra dago, rebisionismoarekin bi ildoetako borrokan. Urriko Iraultza Sozialista Handiak hasiera eta paradigma sortzen ditu. Non jarraitzeko bide hoberik?
Gora Urriko Iraultza Sozialista Handiaren mendeurrena!
Komunismoaren birsorkuntza ideologiko eta politikoarengatik!