Lenin hil eta 100 urtera, komunismoa birsortu!

Ez dago bake-ilusio gehiagorako aukerarik”, “gerra ez da ezinezkoa”. Horrelaxe, itzulinguruka ibili gabe, ohartarazten digu Ursula von der Leyenek, mendebaldeko burgesiaren buruzagiak ordezkatuz. Atzean geratu ziren Europako lorategiak pazifismoaren luxu hipokritan gozatzen zituen egun bukolikoak. Orduan gerrak beti urrutiko zerbait ziren, mundu ez-zibilizatuarenak. Orain, “berrarmatzea, berrarmatzea!” da kolore guztietako burgesia inperialistaren bozeramaileek aho batez ohiukatzen dutena. Etsai historiko komunistaren porrotaren ondorengo nazioarteko ordena liberalaren triunfalismoa erabat desagertu da, eta erakutsi dio bere hegemonia irabazitako moduan bakarrik mantendu daitekeela: milioika hilotzen gaineko Erabateko Gerra batekin. Demokraziak behar zaitu!, irakurriko da laster Europako hiriburu guztietako publizitate-paneletan. Proletariotzak, beti bezala, bere lan-indarra jarriko du kapitalaren interesen aldarean immolatzeko. Egoera 1914a baino lehenagoko urte haien parekoa izan zitekeen, orduan piztu baitzen mundua harrapari inperialisten artean banatzeko lehen sarraski handia; hala ere, bada ahaztu handi bat. Non dago lubaki inperialistetan esplotatuek izango zuten etorkizun beltzaren alternatiba posible bakarra aurkez zezakeen proletariotza independente hura? Hobeto esanda, non daude komunistak aukera hori berriro pentsagarri bihurtzeko?

Duela mende bat utzi gintuen bere bizitza zapalduontzako alternatiba erreala irekitzeari eskaini zion iraultzaile hura, gerra inperialistari gerra zibil iraultzailea kontrajarri zitzaiokeela frogatu zuena. Gaur egun, komunismoaren porrot historikoaren garaian eta, ondorioz, basakeria kapitalista gainditzeko berehalako aterabiderik irudikatu ezin duenean, Lenini omenaldia egiteko modurik onena bere iradokizun honi berriro ekitea da: “Iraultza Handiaren urteurrena oroitzeko modurik onena oraindik konpondu ez dituen zereginetan arreta jartzea da”. Komunistak bagara, Lenin gogoratzea ezin da bereizi bere espiritu iraultzailea berreskuratzetik, ezta gaur egun Espainiako estatuan Munduko Iraultza Proletarioa suspertzeko euskarri-base bat bezala iraultza proletarioa prestatzeko beharrizanen inguruan hausnartzetik ere. Eta, egun, prestakuntza honen lehen urratsa da proletariotza iraultzaileak gerra inperialistaren aurrean zuen posizio independentea berreskuratzea: internazionalismo proletarioa, ezkortasun iraultzaile gisa aplikatuta.

Bi urte baino gehiago darama orroka Ukrainan bi bloke inperialisten arteko gerrak “gure” klase menderatzaileak diziplinatze sozialerako eta bere programa inperialistaren inguruan lerroak ixteko baliatu duena–, eta Errusiako inperialismoari porrot umiliagarria eragiteko ahaleginak Errusiak erantzun nuklearrera jotzeko erreserbak tentatzen dituelarik. Fronte honi beste berri bat gehitzera etorri zaio bloke euroatlantikoari Ekialde Ertainean. Mendebaldeko inperialismoak eskualdean dituen interesen oinarri ordezkaezina den Estatu sionistaren aurka benetako erresistentzia nazionaleko gerra bat eginez, herri palestinarrak bere indar heroikoaren adibide berri bat eman du. Hala eta guztiz ere, burgesia txiki erradikalak zuzentzen du haren borroka eta, masa-gerrarekiko duen mesfidantzaren ondorioz, palestinar gehienak telebistaz emandako genozidio bateko izaki sufritzaile hutsak izatera kondenatzen ditu. Horren harira, kondizio horretan soilik dira onargarriak palestinarrak Mendebaldeko burgesiarentzat, jite oroko nazionalismoa eta errebisionismoarentzat barne. Genozidioak Mendebaldearen lankidetza aktiboarekin darrai, eta bere aurka errebisionismoaren adierazpen txepelak zein eskaera bakezaleak hutsaren hurrengo dira. Izan ere, mugimendu komunistak burugogor segitzen du sinesten erresistentzia-borrokak iraultzaren hazi direla, bere inguruan larriagotzen jarraitzen duen mundu mailako krisiak bere mantra eta klixe aldaezinen ezintasuna aski frogatuko ez balu bezala. Nahiz eta hitzontzikeria gorri berri-berriarekin pintatu, erreformismoa beti erreformismo. Bitartean, politikoki zuzenagoak diren errebisionismo-formen antzutasunak langile-mugimenduan utzitako hutsunea konkistatzen jarraitzen du sozialchauvinismo mozalgabeak. Hain zuzen ere, gaurko immigrazioaren aurkako oihuek laster deituko dute gerra inperialistan aberria defendatzera, “norbere” burgesiaren alde egitera eta bere kontra egitera ausar daitekeen edonoren aurka jotzera. Biek ala biek, nork bere erara, burgesiaren programa inperialista defendatzen dute. Leninek erakutsi zigun, arean ere, oportunismoak eta sozialchauvinismoak “eduki politiko bera dutela, inperialismoaren txanpon ustel beraren bi aldeak bailiran. Eta, batez ere, sozialchauvinismoa oportunismoaren forma helduena dela, “bere garapen zuzena eta gorena.

Testuinguru honetan, komunistok “gure” gobernuaren, “gure” bloke inperialistaren porrotaren espiritua jaso behar dugu. Soilik horrela uztartu baititzakegu sarraski inperialistarekiko erabateko aurkaritza eta iraultza proletarioaren horizonte emantzipatzailea, haren aukera berreskuratzeko lehen urrats gisa. Berehalakoan gauzaezina, marxismoa berriro abangoardiako teoria izateko baldintzak betetzea eskatzen du aldez aurretik, klaseko sektore aurreratuenen artean errebisionismoaren erreferentzia lehiatuz. Birsorkuntza ideologikoaren fase hau amaituta, gure klaseko borroketan nabarmendutako sektorea konkistatzeari ekin ahal izango diogu, hau da, sozialismo zientifikoaren eta langile-mugimenduaren arteko bat-egiteari, Alderdi Komunista berreskuratzeari, hots, komunismoaren birsorkuntza politikoari. Orduan bai, Leninek eta boltxebikeek Gerra Handiaren bitartean egin zuten bezala, proletariotzak armak biratu ahal izango ditu “beren” gobernuen aurka, gerra inperialistaren aurkako Herri Gerra piztuz eta Munduko Iraultza Proletarioaren bigarren zikloa irekiz.

Gerra inperialistari ez! NATO eta Espainiako estatua suntsitu!

Komunismoaren birsorkuntza ideologiko eta politikoaren alde!

Birsorkuntzaren aldeko Komitea

2024ko Maiatzaren Lehena