Palestinako herria bere egunik ilunenen aurrean dago. Telebistaz emandako genozidio bat ikusten ari gara. Gaza kanpin-dendaz betetako hiria izango da, ez da eraikin bakarra geratuko, armada sionistako funtzionario baten hitzetan. Argi dago: faxista honek promesten duena, eta bere buruzagiak egiten ari direna, bigarren Nakba bat da, 1948an estatu sionistaren sorrerarekin egindako garbiketa etnikoaren parekoa.
Israelgo Estatuaren hirurogeita hamar urteko historiak argi eta garbi erakusten ditu kolono askenazien eta aita sortzailearen (Ben-Gurion sozialfaxista) proiektu etnizista-sozialistaren emaitzak. Hasierako erretorika sozialista eta olektibista gorabehera, eginkizun sionistak, supremazismoa, esklusibismoa eta erreakzio ultra baino ezin zituen elikatu. Hain daude normalizatuta Israelen ezaugarri horiek, ezen Menahem Beginen garaitik gehigarri laboralistek edo sozialek beharrezko izateari utzi baitzioten. Aktore sozial iraultzailerik gabe, harrian idatzitako istorio baten azken kapitulua da egungo Netanyahu aroa.
Izan ere, estatu hau Nakba-rekin estreinatu zen, Ben-Gurionek berak gidatutako garbiketa etnikoarekin. Israelen sorrera, bere epopeia, bere independentzia gerra ez zen zapaltzailearen aurkako nazio askapen gerra izan. Palestinarraren aurkako sarraski-gerra izan zen –gaur egun, garai hartan bezala, “gizaki animalia” gisa kalifikatua eta tratatua (“azpigizaki”, Yoav Gallanten hizkuntza sionistatik hizkuntza nazional-sozialistara itzulia). Israel gerra iraunkorreko egoeran finkatu zen hirurogeita hamar urtetan zehar. Israelgo Defentsa Indarrak (IDF, ingelesezko sigletan) kohesio sozialerako lehen bitartekoa izan ziren eta oraindik ere badira, Knesseteko edozein alderdiren gainetik. Benetako alderdi nazionala da. IDFak dira mundu-ikuskera arrazista eta etnizistaren hedapenerako baliabide nagusia, Israelgo herritarrak nazionalizatzeko eta sionizatzeko mekanismo nagusia. Israelgo bizitza guztia gerra supremazistak baldintzatzen du, eta kanpamentu militar iraunkor gisa eraikia dago.
Beste herri bat zapaltzen duen herria ezin da aske izan. Apartheidak eta palestinarren aurkako sarraski-gerrak familia politiko israeldar guztiak batzen dituztelako ez da Israelen gerra zibila pizten. Hori da beraien idatzi gabeko Konstituzioaren lehen artikulua. Netanyahu gerra kriminala beste batzuk baino kontsekuenteagoa izan zen soilik Israelen eta IDFen logika supremazista eta kolonialistarekin. Nakba berriak, gazatar pairakor eta ausartak txikitzeaz gain, establishment sionistaren sektore ultrenak indartuko ditu. Israelgo langile klaseak, bere etno-estatuaren politika sionistarekin hausten ez duen bitartean, bere askapenaren lehen urratsa Israelgo burgesiaren estatua suntsitzea dela ulertzen ez duen bitartean, ondo merezita izango ditu kate hauek.
Estatu sionistaren suntsipena antagonikoa da bi estatuen irtenbidea deiturikoarekin. Doktrina horren logika nazionalista eta esklusibistaren arabera, herriek ezin dute berdintasunean eta harmonian elkarrekin bizi estatu beraren esparruan. Eta, okerragoa dena, bi estatuen doktrinak estatu sionista kontserbatzea (eta, agian, erreformatzea) dakar, estatu sionistaren existentzia bera denean herri hebrearraren eta palestinarraren arteko anaitasunerako lehen oztopoa.
Bi estatuen irtenbideak askapen-mugimendu palestinarraren oportunismoa adierazten du, eta gatazkan iniziatiba duen Israeli amore eman eta men egitea dakar. Horregatik, hain zuzen, ildo hori ez zen gai izan Palestinako erreformismoak konkistatutako kontzesio ñimiñoei eusteko. Osloko akordioekin (1993), Arafatek Intifada desaktibatzea eta bere herriaren kartzelari gisa jardutea onartu zuen, administrazio (burujabetza ez dena) palestinarraren eta Estatu arabiarra eratzeko etorkizuneko prozesu baten truke. Ez zen, beraz, herri palestinarraren autodeterminazioan oinarritzen, estatu kolonialaren baimenean eta promesetan baizik! Horrek, jakina, bi Estatuen doktrina modu ofizialean pikutara botatzeko bidea eta baldintzak prestatu zituen (azkenean, Trumpen administrazioan lortutako gertaera garrantzitsua). Jakina, palestinar herri heroikoa eta bere borroka tradizioa bere agintari historikoak baino askoz altuago daude.
Arafat eta Al-Fatahren erreformismo antzu eta arrakastagabeak sortutako frustrazioarekin, atzeraelikadura-espiral bat eratu zen sionismo genozidaren eta fundamentalismo islamistaren artean; izan ere, marko hori nagusitzen baita aktore sozial internazionalista kontsekuentea falta denean, gaur egun proletariotza komunista soilik izan daitekeena. Al-Fatahren eta PAEren traizio nazionalaren aurkako erantzun zilegi gisa sortu zen Hamas, Intifadari jarraipena eman nahian eta Gazako masak militarki antolatuz. Baina bere mundu-ikuskerak, burgesa eta islamista, ibilbide luzeagoa egitea eragotzi zion. Horrela, 2014ko Gazako sarraskien ondoren, Palestinako oportunismoaren bide naturala jarraitu zuen: bi Estatuen doktrina eta 1967ko mugetara itzultzea onartu zuen. Hau da, nazioarteko legezkotasuna deiturikoa (harrapariaren banaketarako asanblada den NBEk emana) onartu zuen horrela, eta era berean filisteismo sasilegelari frustragarrian erori zen.
Marko horretan mugitzen da gaur egun Hamas, arreta nazio askapenerako mugimenduaren eraikitzean baino nazioarteko aukera aproposean jarrita. De facto, azken garaietako blokeen birkokapenarekin (Ukrainaren inbasio errusiarrak bizkortu duena), Hamasek aukera ikusi zuen azken urteetako pragmatismoa alde batera utzi eta estatu sionistaren aurka behin betiko pultsua botatzeko. Hori da, dirudienez, iragandako Sukkoteko erasoaldien esanahia –IDFentzat umiliazio handia izandakoak. Hamasek masa-mugimenduaren garapenaren aurrean, kalkulu geopolitikoa lehenetsi zuen (pentsa Iranen, eta Saudi Arabiaren eta Israelen arteko hurbiltzean); Israelen terrorismoaren aurka borrokatzeko Palestinako masen antolaketa militarraren aurrean, probokazioa lehenetsi zuen; eta gertaerak azkartzea bilatu zuen eskualdeko gerra baterako, piztia sionista burutzeko prest zegoen eta dagoen eskualdeko gerra baterako. Gaur Yom Kippurreko gerratik inoiz baino hurbilago eskualdeko gerra, non gure klaseak kanoi-bazka gisa bakarrik jardungo duen eta non herri palestinarra eragin-eremuak banatzeko truke-txanpon bat baino ez den izango ia.
Herri palestinarraren zorigaitzaren konponbideak funtsezko bi oinarri ditu: Israelgo proletariotzaren eta Palestinako herriaren arteko aliantza, eta estatu sionistaren suntsipena. Palestinako herri ausartak borrokarako grina soberan frogatu du azken zazpi hamarkadetan. Horra hor Israelgo Estatua kolokan jarri zuten Intifadak, zeinaren irakaspenak komunista orok arretaz aztertu behar baitituen. Israelgo proletariotzak, nazio zapaltzailekoa den heinean, frogatu behar du ez dela “bere” burgesiaren eranskina, masa palestinarrei erakutsi behar die bere nazio askapenerako borrokan lehen aliatua dela, eta bi Estatuen doktrina erreformistari aurre egiten lehena izan behar du. Eta hau ez da posible sionismoarekin hausten ez duen bitartean, indar guztiak “bere” estatuaren salaketara zuzentzen ez dituen bitartean. Gerra honetan, Israelgo proletariotzak aplika dezakeen politika iraultzaile bakarra ezkortasun iraultzailea da: egiten ari den sarraski-gerran Estatu sionista bera galtzaile irteteko eta suntsitua izateko ahalegina, horretarako baliabide guztiak erabiliz. Horrela soilik mereziko du bere klasearen eta, bereziki, herri palestinarraren konfiantza internazionalista. Horrela soilik bizi ahal izango dira herri palestinarra eta hebrearra konfiantzan eta berdintasunean.
Hori demokraziaren benetako erakusgarri izango litzateke arlo nazionalean, munduko masak internazionalismoan hezteko eskola, eta propaganda komunistarako egoera aparta sortuko luke. Baina ez dirudi hau izango denik oraingo sarraskiaren emaitza. Hainbat hamarkadako komunismoaren likidazioak ez zuen soilik desegin proletariotzak subjektu sozial independente gisa –Alderdi Komunista gisa– jarduteko duen gaitasuna. Mundu-ikuskera proletario eta klasista ere desegin zuen eta, ondorioz, komunistak burgesiaren fakzio baten edo bestearen atzekaldean jarri zituen. Komunistok estatu sionista salatu behar dugu, bai bere izaera inperialista eta genozidagatik, bai “gure” estatuak (Galiziako, Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako proletarioak zapaltzen dituena) osatzen duen bloke inperialistako kide estrategikoa delako. Baina ez da nahikoa. Salaketa honek, ezkortasun iraultzailearen eta herri palestinarraren autodeterminazio-eskubidearen defentsaren aplikazioak, gure garaiko zeregin nagusia aurrera eramateko balio behar du: pentsamendu marxista, klase independentearen pentsamendua berreskuratzea, komunismoaren birsorkuntza ideologikoa.
Elkartasuna palestinako herriarekin!
Estatu sionista suntsitu!
Komunismoa birsortu!
Birsorkuntzaren aldeko Komitea
2023ko urriaren 15a